e
2021-03-24

GARRANTZITSUENA EZ DA IKASTURTE AMAIERAKO ANTZEZLANA, BIDEAN IKASITAKOAK BAIZIK. HALA DIO IURGI ETXEBARRIAK, DEBAGOIENEKO ZAZPI IKASTETXETAN ZAZPI URTEZ IKASLEEKIN ANTZERKIGINTZA LANTZEN DABILEN ARETXABALETARRAK. “HELBURUA EZ DA GAUZA POLIT BAT EGITEA, BAIZIK ETA BIDEAN BIZITZARAKO BEHAR DITUZTEN ERREMINTAK JASOTZEA”.

Kukubiltxo antzerki taldean zebilen lanean Iurgi Etxebarria Aretxabaletako Kurtzebarri ikastetxetik deitu ziotenean ikasleentzat antzerki tailer bat eman zezan. Gustatu egin zitzaion esperientzia eta bide horretan jarraitzeko gogoa, gaitasuna eta motibazioa sortu zitzaizkion. Hala, eszenatokitik jaitsi eta geletara sartzeko urratsa egin zuen, eta geroztik ikasitako dena ikasleei transmititzen dabil Debagoieneko zazpi ikastetxetan. “Bizitzan zehar aberastasun handiak jasoz joan naiz eta konturatu naiz aberastasun horietako asko antzerkitik jaso ditudala. Hori dena transmititu nahi diet ikasleei”, dio Etxebarriak.

Horrexegatik, Apropox egitasmoaren (https://apropox.com/) sortzailearen helburua ez zen inondik inora ikasturte amaieran antzezlan polit bat egitea, ez zegoen amaierako emaitza horri begira, “helburua antzerkia lantzea zen, baina bukaerako azterketa hori gabe”. Ikasleak eta irakasleak, ordea, antzezlana egitearen aldekoak dira, bidean landutako guztiari zentzua emateko balio baitu. Beraz, gauza biak egiten dituzte: antzerkiaren sekretuak ikasi eta bukaeran antzezlana taularatu.

 

Sekretuak eta altxorrak aurkituz

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleekin aritzen da Etxebarria antzerkiaren sekretuak irakasten eta transmititzen. “Adin horretan hasten dira helduak izaten, trantsizio garai batean sartzen hasten dira, eta harremanetan rolak, estatusak eta abar agertzen hasten zaizkie. Eta hor, antzerkiko sekretuek asko lagun diezaiekete”. Sekretu horiek aipatzen hasi da Etxebarria.

1- Jende guztiarekin harremanak izateko gaitasuna edukitzea: nola erakusten du hori antzerkiak? Rolen bitartez. “Antzerkian pertsonaia mota askoren rolean sartzen gara eta horrek pertsonaiek bizitzen dutena hobeto ulertzeko balio du. Eta hobeto ulertzen baditugu, harreman hobea izateko aukera gehiago daude, noski”. Pertsonaia lotsati edo harro baten rolean sartuta, pertsona horrek bizitzen duena hobeto ulertzen da.

2- Aldatzeko aukera: pertsonaiek ez dute zertan beti berdinak izan behar, eboluzionatu eta aldatu egin daitezke. Izan ere, pertsonaiak egoera desberdinetan aurki daitezke: lotsatuta, harrotuta, minduta, beldurtuta, pozik… “Ikasleek pertsonaiak aldatu egiten direla ikusten dute, ez dutela beti rol bera jokatzen, eta haiek bezala, beraiek ere alda daitezkeela. Pertsonaia bat lotsatuta egon daiteke une batean, baina beste momentu batean ez. Hori antzezten baldin badute, ulertzen dute aldaketa hori. Era berean, ume bat indar gutxikoa baldin bada eta indar handiko pertsonaia bat ematen baldin bazaio, hori bizitzen du. Demagun nagusia dela eta besteei oihu egin behar diela, horrek indartu egin dezake”. Antzerkiko saioetan ikasle guztiek pertsonaien egoera guztiak antzezten dituzte, denak izaten dira alaiak, denak harroputzak, denak tristeak, denak lotsatiak… “Eta egoera horiek bakoitzak bere erara antzezten ditu, hau da, lotsati izateko edo triste egoteko modu asko daude”.

3- Arnasketa: diafragmaren arnasketa lantzen dute eta garrantzi handia ematen dio Etxebarriak horri. “Ahotsarentzat garrantzitsua da arnasa eszenatokitik azken ilararaino iristeko. Gainera, diafragmatik arnasa hartzeak balio die kiroletarako, azterketetan lasaitzeko, airezko musika instrumentuak jotzeko eta abar”.

4- Ikusleari zabaltzea: zaila izan ohi da aurrez aurre ikusleari begira jartzea eta hori lantzeko sekretutxoak erakusten dizkie Etxebarriak. “Ixteko joera izan ohi dugu eta azkenean borobilean jarri eta publikoari bizkarra ematen buka dezakegu. Horregatik, garrantzitsua da zabaltzen jakitea”. Hori lantzeko antzerkiko oinarrizko ariketa bat egiten dute: eszenatokia alde batetik bestera gurutzatu, espazioa gurutzatu, puntu batetik bestera, puntua galdu gabe, hau da, zentzugabeko mugimendurik egin gabe. Aurrena bakarka, gero taldeka, diagonalean, zuzen… orain lotsati, gero haserre, gero ikusleari begiratu, hurrena pozik jarraitu…

5- Elkarri laguntzea: antzerkian funtsezkoa da talde lana, antzezlana denen artean osatzen baita. “Horretaz jabetzeko ariketa bat egin ohi dugu: gidoiaren paperak buruan jartzen dituzte eta ibiltzen hasten dira. Edozer gauzagatik paperak jausten bazaizkie, geldirik geratu behar dute, beste bat etorri eta hark paperak eman arte. Une horretan gaizki pasatzen dute, sentimendu horretaz jabetzen dira, eta baita beste gauza batetaz ere: besteen laguntza behar dutela aurrera jarraitzeko”. Hortaz, antzezten ari diren bitartean gidoia ahanzten bazaie, besteen laguntza behar dute; edo alderantziz, norbaiti ahanzten baldin bazaio, lagundu egin beharko diote.

6- Konfiantza lortzea: taldekideen arteko konfiantza lortzeko ariketak egiten dituzte. “Aurten, pandemiaren ondorioz kontaktuko ariketen ordez begiradarekin, olatua batak besteari pasaz eta horrelakoekin landu dugu”.

7- Neska-mutilen arteko harremanak estutzea: adin hauetan kosta egiten zaie neskei eta mutilei elkarrekin nahastea, elkarren ondoan jartzea, ohikoak ez diren lagunen ondoan esertzea eta abar, eta Etxebarriak garrantzi handia ematen dio nahasteari. “Inportantea da antzezlana bukatu eta denak oholtza gainean daudenean, amaierako momentu zirraragarri horretan betiko lagunen ondoan ez egotea, baizik eta beste taldekide batekin, eta harekin ospatzea poztasun hori”.

8- Sormena lantzea: ikasleek gidoiaren zati batzuk idazten dituzte, eta horrez gain hainbat ekintza ere asmatzen dituzte. Lehendabizi norberak idazten du eta gero taldean azaltzen dute. Horietako batzuk onartzen dira eta aurrera jarraitzen dute, entseguak egiten dituzte, beste kideen proposamenak gehitu, aldatu…

Aukeraketa hausnartua

Sekretu horiek denak lantzeko astean ordubeteko saioa izaten dute, ikasturte osoan 20 saio guztira. Denbora mugak tarteko, gidoia Etxebarriak idatzita ekartzen du, eta gero ikasleek osatzen dute. “Gaiak ez du garrantzirik”, dio aktoreak. “Orain arte aipatutako sekretuak lantzeko moduko gidoia prestatzen dut, eta gaia bigarren mailakoa da. Beraz, adin desberdinetako jendea elkartzeko balio duten lekuak eta ekintzak dira garrantzitsuak: ezin dira denak umeak izan, edo denak zaharrak, edo denak gazteak… Egoera eta adin desberdinetako jendea egotea gustatzen zait, ikasleek aniztasuna ikus dezaten”. Ezaugarri horietarako egokia izaten da bazkari herrikoiak antzeztea, edo manifestazioak, edo baserri batean amamaren urtebetzea ospatzera biltzea sendi osoa… Ikasle guztiek parte hartzeko moduko gidoiak dira.

Ezertan hasi aurretik, Etxebarriak antzerkiaren ezaugarri garrantzitsu bat irakasten die: ez dagoela akatsik. “Horretarako, ariketa bat egiten dugu: batek egiten duena errepikatu behar dute gainerakoek, baina ez berdin-berdin, baizik eta bakoitzak bere erara, eta hasieran egin duen horrek gainerakoei ‘ondo egin duzue’ esan behar die”.

Pertsonaiak aukeratzeko ere ariketa bat egiten du aktore-hezitzaileak, aukeraketan lagunen eraginik izan ez dezaten eta bakoitzak benetan nahi duena aukera dezan. “Begiak lotailuz estaltzen dizkiet. Pertsonaia bakoitzeko paper bat egiten dut, pertsonaia deskribatzen dut eta hori nahi dutenak paper hori dagoen lekura joaten dira, begiak estalita. Horrela, bakoitza nahi duen pertsonaiaren lekuan esertzen da, lagunek zer egiten duten ikusi gabe. Inorekin lehiatu behar ez duenak pertsonaia hori hartzen du. Gainerakoei, begiak estalita oraindik, libre dauden pertsonaiak zein diren esaten zaie. Beste bat aukeratzen dutenei hura ematen zaie. Berdinketa dagoen kasuetan, zozketa egiten da”. Etxebarriak onartzen du banaketa luzatzen baldin bada ikasleak nekatu egiten direla begiak lotailuz estalita, eta azkenean, nahiz eta hasieran nahi zuten pertsonaia ez egokitu, gustura geratzen direla benda kenduta. “Efektu hori du bendak edo lotailuak”.

Pertsonaiaren izenak ere tentuz aukeratzen ditu Etxebarriak. “Euskaltzaindiaren izendegian nesken izenak, mutilen izenak eta izen epifanoak daude, eta azken horiek aukeratzen ditut. Horrela, pertsonaiak neskak, mutilak, transexualak, lesbianak edo nahi dutena izan daitezke, beraiek aukeratzen dute”.

 

Antzezle txikien bizipenak

Txantxiku ikastolako LH6-ko ikasleak pozik irteten dira gelatik antzerki saioetara joateko eta gustura aritzen dira. Jendearen aurrean antzeztea gustatzen zaiela diote, baina lotsa pittin bat ematen diela ere aitortzen dute. “Hasieran denoi ematen zigun lotsa; orain jada batzuei ez, eta beste batzuei oraindik bai”, diote. Kosta egiten da nonbait lotsa galtzea, baina egiten dituzten ariketek eta jarduerek laguntzen dute.

Iaz ibili zen talde hau eta aurten ere bai. Zer ikasi duten galdetuta, alderdi hauek aipatu dituzte: “Neskak eta mutilak elkarrekin egoten ikasi dugu; sormena lantzen ere bai gidoia asmatuz eta pertsonaiak guk asmatuz; eta testuak buruz ikasten ere ikasi dugu”. Ordu gehiago eskainiko lizkiokete ikasleek antzerkiari, horretan denak bat datoz.

Talde honen irakasle eta tutore da Julen Aranburu eta ikasleak gustura ikusten ditu antzerki saioetan, gauza asko eskaintzen dizkielako. “Hasteko, gelatik irteteak aparteko motibazioa eragiten die; ondo pasatzera eta beste era bateko tarte bat igarotzera etortzen dira”. Beste era bateko jarduerak egiteak beste modu batera kokatzeko eta jokatzeko aukera ematen diela dio tutoreak. “Ohartzen dira hemen ez daukala hainbesteko eraginik zerbait gaizki egiteak eta orduan trankil ibiltzen dira, berba lasai egiten dute, interpretatzen lasai ibiltzen dira… eta euren buruarengan konfiantza irabazteko aukera izaten dute. Beste esparru batean eta beste era bateko jarduerak eta ekintzak eginez, agian eurak trebeak direla ohartzen dira, edo ongi moldatzen direla, edo eroso daudela, edo gustura daudela, eta horrek konfiantza irabazteko aukera ematen die”.

Arrasateko herri eskolako zuzendari Ana Zubillaga ere antzera mintzo da. “Euren buruarengan konfiantza eta ziurtasuna lortzeko balio die antzerkiak, eta gainera, umeak oso gustura ibiltzen dira saio hauetan”.

Ikasle askok antzerkiko saioetan barruko sena ateratzen dutela dio Aranburu irakasleak, ikasgelan edo beste esparru batzuetan ateratzen ez dutena. “Niri gertatu izan zait ikasleak beste esparru batean ezagutzea, eta hemen, antzerkigintzako saioetan aurretik ezagutzen ez nizkien ezaugarriak ikustea”. Zubillagak ere sorpresa eta oroitzapen oso onak ditu zentzu horretan. “Sorpresa eder bat izan nuen. Nire taldean oso lotsatiak eta oso isilak ziren ikasleak nituen eta antzerkiko orduetan zelan irekitzen ziren ikusi nuen. Gogoan dut ikasle batek harremanetarako zailtasunak zituela eta antzerkiak asko lagundu ziola horretan. Gainera, guraso elkartetik eskolaz kanpoko jarduera moduan antzerkigintza antolatu zenean, ikasle lotsati hark izena eman zuen”.

Taldeari begira, kohesioa lortzeko modua da antzerkia Aranbururen iritziz. “Bigarren urtea da antzerkia egiten dutela eta nirekin ere bigarren urtea dute. Adin honetan pittin bat heldu egiten dira, aldaketa asko izaten dituzte bi urte hauetan eta nik uste dut antzerkigintzak laguntzen diela talde handian hitz egiteko ausardia hartzen poliki-poliki, norberaren iritzia ematera ausartzen, besteen konfiantza irabazten, norberarekiko konfiantza handitzen eta abar. Ikasturte hasieratik bukaerara aldaketa asko izaten dituzte euren artean eta antzerkigintza bidelagun da horretan, aldaketa horiek egiterakoan bere ekarpena egiten du”.

Norberaren nortasunean eta izaeran aldaketak eragiten dituen heinean, antzerkiaren bitartez curriculumean zehazten diren hainbat konpetentzia lantzen dira. Aranburuk lau aipatzen ditu nagusiki:

1- Hitzezko edo hitzik gabeko komunikazioa: horri garrantzi handia ematen dio antzerkiak, batez ere hitzik gabekoari, ikasgela barruan hainbeste lantzen ez den horri. Komunikatzeko askotariko aukerak daude eta horiek ikusi eta praktikan jartzen dituzte: aurpegiko espresioak, gorputz adierazpenak…

2- Pentsamendu sortzailea: gidoiaren zati bat ikasleek egiten dute, bakoitzak bere pertsonaiak esango duena sortzen du eta hainbat jardueraren bitartez hausnartu egiten dute.

3- Elkarbizitzako konpetentzia: iritzi eta proposamen desberdinak onartu behar dituzte, norberaren iritziak modu egokian adierazi behar dituzte, taldean lan asko egiten dute, adostasunetara iritsi behar dute hainbat puntutan —gidoia idaztean, interpretazioa nola izango den zehaztean, sortu dituzten ekintzek hartuko duten norabidea zehaztean…—, gatazkak edo momentuko egoerak kudeatzen ikasi behar dute… Hori dena aurrez aurre jartzen die antzerkiak.

4- Euskara: hizkuntza beste era batera lantzeko aukera ematen du, ahozko hizkuntzak indar berezia hartzen baitu antzerkigintzan. Etxebarriak onartzen du ikasle batzuek zailtasunak izan ditzaketela euskaraz egiteko orduan eta kasu horretan bi aukera daudela dio. “Irakasleek euskaraz ondo egitea nahi izaten dute, horri ematen diote garrantzia. Nik, ordea, egiteari ematen diot garrantzia, hobeto edo okerrago, baina egiten dezatela. Niretzat garrantzitsuena hitz egiten hastea da; kalean, etxean eta beste esparruetan ez baldin badute euskaraz hitz egiten, has daitezela antzerkian, akatsak egiteak ez baitu inporta antzerkiko gure saioetan. Belarriprest eta ahobizi garaiotan, askatasun hori eskaintzen die antzerkiak. Eta saio hauetan euskaraz hasten baldin badira, agian beste saioetan ere jarraituko dute”. Zubillagak dio euren eskolan beharrezkotzat jotzen dutela euskara indartzea eta aberastea eta antzerkiak horretarako balio diela. “Gure ikasle askok euskara eskolan soilik erabiltzen dute, eta garrantzitsua da euskara Matematikarako edo Natur Zientzietarako erabiltzeaz aparte, euskara ondo pasatzeko eta gozatzeko ere erabiltzea, eta hori antzerkiak eskaintzen die”.

Azken batean, konpetentziak modu atseginean eta motibagarrian lantzeko aukera eskaintzen du antzerkiak. Eta gustuko aldapan… nekerik ez. “Nik asko disfrutatzen dut ikasleak disfrutatzen dutela ikustean”, dio Arrasateko herri eskolako zuzendariak.

Antzerkian ez dago txapelketarik, ez dago akatsik eta erreminta gisa oso baliagarria da, antzerkiko ariketak gainerako ikasgaietan ere erabili daitezkeela dio Etxebarriak. “Uste dut Lehen Hezkuntzako Graduan antzerkigintzako oinarrizko teknikak irakatsi beharko liratekeela, zein erreminta ona den ikusteko, oso baliagarria eta lagungarria izan baitaiteke harremanak bideratzeko, taldea hobeto ulertzeko eta elkarbizitza aberasteko”.

Goiena 2020-30 proiektua bailara horretan eraldaketa soziala helburu duen egitasmoa da, eta horretarako hainbat arlotan eragin nahi dute, besteak beste kulturan. Eta kulturaren eraldaketa lantzeko, antzerkigintzara jo dute. “Ildo horretan, 2030era begira eraldaketa soziala jomuga izanda, proiektu hau bailara osora zabaldu behar dela uste dut, bailara osoko ikastetxeetako irakasleek eta ikasleek ezagut ditzaten antzerkiaren sekretuak”, irizten dio Etxebarriak.