Prentsa: Ikasmahaitik oholtzara salto

Derrigorrezko hezkuntzan arte eszenikoei askorik erreparatzen ez zaien arren, antzerkiaren aldeko apustua egiten dute zenbait ikastetxetan: eskola orduetan sartuta edo eskolaz kanpoko jarduera gisa. Eskola horien arduradunek diote hezkuntzari ekarpen handia egin diezaioketela.
Foku baten azpian sentimenduak lehertu litezke. Publikoaren aurrean edo eskolan, ikaskideen begiradapean, antzerkiak badu halako magia bat. Derrigorrezko hezkuntzak alde batera utzi ohi duen arte diziplina da antzerkia, baina badira teatroaren aldeko apustua egiten duten ikastetxeak. Irakasleek ohartarazi dute, baina, ordu gutxi izaten dituztela, eta antzerkiak lan handia eskatzen du. Uste dute eskolako antzerkiaren bidez haur eta nerabeen heziketa prozesua osatu litekeela, eta askori, oihala igotzearekin batera, mundu oso bat zabaltzen zaiela begien aurrean.
«Arte eszenikoek, oro har, leku handia eta eragina dute ikasleen formakuntza pertsonal, intelektual eta kulturalean; beraz, dudarik ez da behar direla txertatu curriculumean». Arantxa Hirigoienek argi du. Axut konpainian aritzen da, eta bera arduratzen da ikastetxeetan eskaintzen dituzten saio eta tailerrez. Axut Ipar Euskal Herriko hamar ikastola eta eskolatan ari da lanean: batzuetan, eskola orduetan; beste batzuetan, eskolaz kanpoko jarduera gisa. 12 urtetik gorakoekin aritzen dira, eta 13 orduko proiektuak egin ohi dituzte.
«Antzerkia dastatzea» da helburua, baina prozesu osoa lantzen dute: idazketa tailerrekin hasten dira, gai batetik abiatuz, eta gero hori jokora eramaten dute, idazketatik ahozkora dauden urratsak ikusteko. «Helburua ez da inondik ere ikusgarri bat muntatzea; izan daiteke, eta egiten ditugu horrelakoak, baina besteak du garrantzia».
Donostiako Zurriola ikastolan eskarmentu handia dute antzerkiarekin. Oihana Maritorena da antzerki eskolaren koordinatzailea, eta bera arduratzen da Lehen Hezkuntzako 3. mailatik DBHko 4. mailara eskaintzen dituzten eskolez. Antzerkiaren alorrak lantzen dituzte; maila bakoitzean, bat: mimoa, clowna, pertsonaia istorioan sartzea, testua, inprobisazioa, gorputz adierazpena eta obra bat sortzea. Eskola haietatik aktore ezagunak ere atera dira; are, Maritorena bera 15 urterekin hasi zen Zurriolako ikastolako antzerki eskolan.
Berria.eus-en irakurtzen jarraitu
berria.eus helbidean argitaratua 2021eko martxoaren 6an. Egilea: Iker Tubiak. Jatorrizko argitalpena: https://www.berria.eus/paperekoa/1920/038/001/2021-03-06/ikasmahaitik-oholtzara-salto.htm