Prensa: “Antzerkiaren bidez ikasleak deskubritzen ditu barruan daramatzan beste rol batzuk”

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi / Argazki: Dani Blanco
Debagoienako zazpi ikastetxetako 400 bat ikasle oholtzara igotzen ditu ikasturtero Iurgi Etxebarria aretxabaletarrak. Hamar urte daramatza haurrei antzerkigintza irakasten eta esperientziak erakutsi dio zeinen baliagarria den antzerkia norbere burua ezagutu eta rolak apurtzeko, lotsak eta beldurrak gainditzeko, gorputza ulertu eta emozioak lantzeko, sormena eta talde-lana indartzeko…
Hogei urtez Kukubiltxo antzerki taldean aritu zinen. Zergatik eta nola eman zenuen saltoa hezkuntza mundura?
2010ean, herriko eskolan eskatu zidaten antzerki tailerrean laguntzeko, eta herriko enpresa batean ere ikastaroa eman nien langileei. Gustura aritu nintzen, eta pentsatu nuen antzerkiak niri emandako jakintza eta alaitasuna transmititu nahi nuela. Gainera, etxean bi izatetik bost izatera pasa ginen urte gutxian eta Kukubiltxoko jarduna oso lotua zen. Bailarako ikastetxe eta udalekin harremanetan jarri nintzen, eta horrela sortu zen Iufala!! proiektua, eskoletan antzerki ikastaroak eskaintzeko.
Ikasleei antzerkiak zer irakasten dien azaldu aurretik, zuri zertan lagundu dizu?
Pertsonen jokamoldeak hobeto ezagutzen eta ulertzen lagundu dit. Txikitan jaso nuen hezkuntza kristauak zurrun markatzen zuen jokamolde onak eta txarrak zeintzuk diren, pertsona onak eta gaiztoak, eta epaitzeko joera hori oso barneratua nuen. Halako batean, Bilbora joan nintzen antzerki-eskolara, eta epaiketa horiek guztiek zentzua galdu zuten, antzerkian ez dugulako gure pertsonaia epaitzen, pertsonaia dena delakoa izanik ere berau ulertzen ahalegindu behar dugu, nolabaiteko asertibitatea eta enpatia garatzen dugu pertsonaiarekiko. Gainera, irudimenarekin lan egiteak ere horretara eramaten du: Kukubiltxon oso ezberdinak ginen izaeraz eta antzezlanaren edota pertsonaien inguruan sortzen ziren eztabaidak, jarrera batzuk eta besteak, oso aberasgarriak ziren.
“Gure antzezlanetan denek dute antzeko protagonismoa, eta gidoia ez dago bukatuta, norberak eraikitzen eta osatzen ditu pertsonaia eta ibilbidea”
Pertsonaien rolekin jolasteak zein eragin du ikasleengan?
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako gazteekin aritzen naiz (10-12 urte ingurukoak, hogei astez astero ordubete), eta rol jakin bat izan ohi dute ikastetxean, baina antzerkigintzan rol horiek aldatu egiten dira, ikasle bakoitzarena, eta baita talde moduan ere. Hasieratik adibidez neska-mutil muga apurtzea ezinbestekoa da, bestela beti dituzu neskak alde batetik eta mutilak bestetik. Gure antzezlanetan ez dago protagonistarik, denek dute antzeko protagonismoa, eta gidoia ez dago bukatuta, norberak eraikitzen eta osatzen ditu pertsonaia eta ibilbidea: jasotzen duten informazioa da pertsonaiaren adina, antzezlanean duten papera (itsasontzian badaude, kapitaina den, marinela…) eta pertsonaiaren egoera, baina pertsonaiaren sexua eta sexu-joera adibidez beraiek aukeratzen dituzte. Besteak beste transexual izan daitezkeela azaltzerakoan, garai batean ohiko galdera izaten zen, “zer da hori?”, baina belaunaldi berriek naturalago hartzen dute eta batzuek bizitza errealean duten rola eta sexua aldatzea erabakitzen dute antzezlanean. Norberaren pertsonaiak duen rolaz gain, klasean rol eta sentimendu ugari lantzen dute ikasle guztiek, gainerakoen aurrean banan-banan: lotsa, beldurra, haserrea…
Hau guztia baliagarri zaie norbere burua ezagutzeko, besteei ezagutarazteko eta ingurukoena berrezagutzeko. Egunerokoan lider izatera ohituta dagoena agian kikildu egiten da oholtza gainean, edo tontoarena egiten hasten da, eta beste ikasketa eta arlo batzuetan apalago ikusten dituzun ikasleak bat-batean ahaldundu egiten dira antzerkigintzan, esaterako rol boteretsu bat egokitzen zaienean. Aurten ikasle oso xumea daukat, kapitainaren paperean, eta gelako liderrari (marinel paperean) aginduak eman behar dizkio. Tutore baten testigantza ere gogoan daukat; kontatu zidan ikasle uzkurra hazi egin zela ikastaro honi esker, eta ordutik beste ikasgaietan ere aurrerapenak egin zituela.
Publicado en argia.eus el 07-02-2021 por Mikel Garcia Idiakez con fotos de Dani Blanco. Publicación original: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2719/iurgi-etxebarria